Kaio luma zikina (2000)

Posta Kutxa 10.158 - 48080 Bilbao (Bizkaia)
Hego Euskal Herria (España)

Tel./Fax: 944 46 77 81
Mugikorra: 659 13 12 91
Antzezlanak
kartela
kritikak
fitxa teknikoa
irudiak

bideoak

jaso testu osos (doc)
Kaio luma zikina (2000)«Kaio Luma Zikina» Gabriel Arestiren hainbat testuen bidez garatutako teatrolana da. Aresti bera da lanaren gaia, haren lana eta bizitza, kontutan izanik Arestiri buruz hitz egiteak beste gauza askotaz hitz egitea suposatzen duela: euskara, euskarazko literatura, poesia, antzerkia, diktaduraren garaiko (eta neurri batean gaurkoa ere) euskal kulturaren gainbizitzea eta suspertzeko ahaleginak......

Dramaturgiaren ardatza Arestiren beraren hitzaldi bat da zeinetan bere bizitza eta lanari errepaso bat ematen dion. Hitzaldi horretatik kanpo, hain erreala ez den plano batean, bigarren pertsonaia bat dago: Aresti hizlariaren laguntzailea batzutan, beraren teatrolanak antzeztuz edota ipuinak kontatuz; eta antagonista beste batzutan, Arestik izan zituen kezkak, ardurak, jarraitzaileak eta etsai amorratuak gorpuzten.

Eskenatokian bertan hirugarren jokalari bat dago, musikari bat, hainbat perkusio tresnen bidez (ohizkoak eta erabat ezohikoak ere) ikuskizunari soinuzko "atmosfera" gehitzen diona.

Laugarren osagaia diapositiba montaia da. Eskenategiaren atzekalde osoa hartzen du eta batzutan giroa emateko eta bestetan datu gehigarriak eskeintzeko balio du.

gora

 

Erabilitako testuak

Esan bezala Arestiren beraren testuak erabiltzen dira muntaia honetan, batzu oso ezagunak eta besteak ez hainbeste. Hona hemen testuon zerrenda bat (ez daude denak, batzu sailkatzeko zailak bait dira).

Teatrolanak
"Mugaldeko herrian eginiko tobera".
"Beste Mundukoak eta Zoro Bat".

Poesiak
* Ez zazue tapa gizonaren ahoa.
* Gauza zelaiak...
* Esanen dute...
* Kontuak eskatzen badizkidate...
* Mundu honetan justiziarik ez da sekula ikusi. (Bertso kantatuak).
*A tus hermanas diles tú, pequeña.
*Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
*Orain artian izan naiz beti nire buruaren jabe (Bertso kantatua).
*Iltzen naizenean.
*Nire aitaren etxea.
*Nire herriaren gaineko azala.
*Egia bat esateagatik.
*Urteak dira egon naizela (bertso kantatuak).
*Orain eun urte jaio ziran gizonak.

Ipuinak
Olerkaria. (Denporatik ateratzen den probetxuaren ipui barregarria).

Artikuluak (Aldizkariak, egunkariak)
Euskaltzindiari buruzkoak.
Aresti malgizona.
Guti eta gaizki dakigunok.

Itzulpenak
Pablo Neruda.- Hogei amodio poema eta kantu desesperatu bat.
Eugène Pottier.- Internazionala.
Miguel de Cervantes. Don Kixote Mantxakoa.
Bocaccio.- Decamerone tipi bat: "Zaldia Behorrarekin".

Gutunak
Zenbait gutunen pasarteak.

Kantua
"Kaio Luma Zikina", Natxo de Feliperena.

gora

FITXA TEKNIKOA

Testuak: Gabriel Aresti
Aktoreak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez
Perkusioa: Adolfo G. Gorria
Dramaturgia: Patxo Telleria
Ikusentzutekoak: Eneko Lorente
Zuzendaria: Karlos Panera
Gestioa: Toño Pinto

gora

KRITIKA (Agus Perez · Egunkaria)

Aspalditik datorkio Maskarada taldeari Gabriel Arestirekiko zaletasuna, kontuan hartuta behintzat duela hamabi urte-edo Oskorrirekin plazaratutako muntaia ahaztezin hura, Harrizko Aresti hau zeritzona. Eta eskertzeko modukoa da esandako talde bien zaletasun hori, beraiei esker mantendu delako publikoki bizirik bilbotar bakar batzuen bihotzengan gordeta zegoen miresmena.

Egia esan, askoz gehiago gustatuko litzaidakeen idaztea «bilbotar askoren edo gehienen bihotzengan», baina, duela hilabete batzuk Bizkaiko Manexak elkarteak antolaturiko omenaldia ikusirik, ezin dut benetan besterik esan egiari huts egin barik. Zorionez, badirudi Bilboko euskal poetarik zintzoena eta gizon argienetarikoa izan zena dagokion tokia berreskuratzen ari dela apurka-apurka, neke askoren artean eta euskaltzale temati batzuen ahaleginari esker bada ere. Maskarada taldearen eskutik etorritako Kaio luma zikina hau horren erakusgarri izan daiteke.

Antzezlanaren egitura aztertzen hasita, Arestik emandako hitzaldi baten inguruan eratuta dagoela dirudi, baina, egiatan, esandako hori hasierako aitzakia besterik ez da, emanaldian poetaren hitzaldi batzuez gain beste osagai asko agertzen baitira, hala nola berak idatzitako antzerki lan bi –haietariko bat zer eta tobera bat, harena bai ausardia!–, iritzi artikulu batzuk –ezin galtzeko modukoak Euskaltzaindiari edota euskaldun berrioi buruzkoak–, hainbat gutun eta itzulpen harrigarri, ‘brechtiar’ kutsu eta mailako poesia mordo bat (Ez zazue tapa gizonaren ahoa, Iltzen naizenean edota Nire aitaren etxea ezaguna tartean), eta, beste edozeren gainetik, Olerkaria (Denporatik ateratzen den probetxuaren ipui barregarria) izeneko ipuin liluragarria, berez Nobel saria mereziko lukeena bere soiltasun biluzian, mundu honetan justiziarik balego.

Barka egidazue, lagunok, antzezlan baten testuarekin hainbeste luzatzeagatik, baina, ulertuko duzuenez, hitzak dira muntaia honetako gatz eta piperra. Horrela ulertu dute Maskaradako lagunek, eta bide beretik joan da Patxo Telleriaren dramaturgia aberasgarri eta arin-arina, Arestiren testuei ohorezko lekua uneoro utziz eta, aldi berean, Arestiren ideiek sortutako eztabaidak eta liskarrak ederki islatuz Mikel Martinezek gorpuztutako zenbait pertsonaia histrionikoren bitartez.

Izan ere, Arestiren pertsonaiak (Patxo Telleriak antzeztuak) orduko euskal gizarteak botatako irainak eta kritika gupidagabeak jasotzen ditu emanaldian zehar, Mikel Martinezek bere aktore gaitasun itzelak erakusten duela Euskaltzaindiko kide, bilbotar erdaldun peto-peto, euskaltzale folkloriko edota udaleko agintari gezurtiarena egiten duen bitartean.

Bestalde, ezin ukatu benetan perkusioak lan honetan jokaturiko rola. Hasieratik bertatik entzuten dugu Adolfo G. Gorriak jotako bateria aberatsa –Bilboko itsasadarreko garai bateko paisaia industrial ederrak atzealdean proiektatzen direlarik– eta zalantzarik gabe gomendatzen dizuet lan hunkigarri hau ikustea (entzutea hobeto esanda) berak sortutako soinu delikatuengatik besterik ez bada ere.

Amaitzeko, zer esan ahalko dut ba, bilbotar eta euskaldun berri naizen aldetik: etor zaitezte, lagunok, Bilbora, Euskal Herritik edozein lekutatik ere, antzezlan miresgarri hau ikustera, aroak eman digun poetarik kementsuenaren hitzekin gozatzera, gure herriak bizi izan dituen eta zoritxarrez bizi dituen kontraesanak ezagutzera, ez zaitezte damutuko eta.

gora