Maskarada

Posta Kutxa 10.158 - 48080 Bilbao (Bizkaia)
Hego Euskal Herria (España)

Tel./Fax: 944 46 77 81
Mugikorra: 659 13 12 91
Antzerki Konpainia
info@maskarada.net
gure historia
gure azken lanak

KonbatKONBAT
(beltza eta zakurrak burrukan)

BERNARD MARIE KOLTÉS-en antzerkia

Antzezlan honek oso abiapuntu bakuna du: behargin beltz bat bere herrialdean atzerriko empresa bat egiten ari den obretan hil da. Obretako nagusia eta teknikari guztiak zuriak dira. Horiek bizitokia duten kanpalekuaren inguruko hesia zeharkaturik, zenduaren anaia barrura sartu da. Gorpua hartzeko asmoz dator, baina ez diote emango. Ukapen horrek hainbat jazoera larri ekarriko ditu ondorio, azkenean zoritxar gorrian amaitu arte.

Lau pertsonaia hauek ikusiko ditugu agertokian: zurien kanpalekuko hesia nolabait zeharkatzea lortu duen mutil beltza, obretako nagusia, beronek bizikide egiteko xedez Paristik ekarririko neska eta ingeniari buruberoa.

Neokolonialismo eta arrazakeria muinean dituela, antzezlanak argi erakutsiko digu mundu biren arteko harremanen latza, behinola geure barne - barnean genituen uste onen hondamena, ameskeria ororen gainbehera. Aurkariek elkarri dioten atzikimendu zentzugabea, eskubide zahar xumea dela eta - anaia zenduari lur emateko eskubidea - eginiko eskaera irmoa, horixe izango da gatazkaren eragilea, kolonizatzaileen egoera lasaia kolokan jarriko duen lehergailua.

"... Antzerki honen jatorria neuk bizi izaniko begitaune harrigarria da, harrigarria bai, eta halaber, hunkigarria. Afrikara joan nintzen lehenengo aldian jazo zen. Hegazkinetik irten eta berehala, sargoriaren laztan kiskalgarria nabaritu nuen lepazurrean. Beroaren - beroaz zapaldurik, aireportuko atera abiatu nintzen, eta kanpoan ikusi nuenak zur eta lur eginik utzi ninduen: polizia beltz bat zartailuaz jo eta ke jipoitzen ari zen bere endako gizagaixo bat. Hantxe puskatu ziren Afrikari buruz nituen uste guztiak. Jendetza artean aurrera egiten saiatzerakoan, non-nahi zegoen hesi ikusgaitzak bidea oztopatu zidan. Irudizko hesiaren alde batean, Zuriak; bestean, Beltzak. Beltzen aldera begiratu nuen. Neure endakoak lotsagarri zitzaizkidan; baina beltzen begietan diz-diz betean sumatu nuen aiherkundearen beldurrez, ziztuan bildu nintzen zurien artera."

"...Pentsa ezazue: oihan erdian, bost edo sei etxez osaturiko multzo txikia, txarrantxazko hesiz inguraturik. Kanpoan, zaindari beltzak adi-adi daude, fusila eskuan- da. Biafrako gerra oraindik orain amaitu da, eta suntsitzile taldeak harat-honat dabiltza, zer ikusi haxe errautsi guran. Gauero - gauero, iluntzetik eta goizaldera bitartean, zintzur hots bitxiak egotzita zaindariek dei egiten diote elkarri, itzarrik egotearren. Oihu horiek entzunda erabaki nuen antzerki hau idaztea. Kanpaleku itxiaren barruan bizitza Parisko behe - burgesiaren edozein auzotan bezalatsu ziragan,.. obraburua nagusiaren andrarekin oheratzen zen, eta antzeko gora-beheratxoak. Hor duzue, ba, nire abiagunea..."

Bernard-Marie Koltès
gora

Zertzelada banaka batzuk BERNARD MARIE KOLTÉS-ez

----Europako antzerki-giro urdinabarrean, noiz edo behin egile jaukalen bat sortzen da, esaterako, Bernard-Marie Koltés agertu zen orduko hartan. Koltés frantziarra zen, Metzeko semea, 1948an jaioa. Gaztaroan literatura gorteiatu bazuen ere, laster apurtu zituen harremanak.

----1970an, lehenengo antzerkia, "Medea", ikusi zuenean, Maria Casaresen jardunak eragin zion zirrarak sustaturik, bere lehenengo antzezlana idatzi zuen, Gorkiren haurtzaroari buruz. 1978ra arte Alderdi Komunistako kidea izan zen. Urte haietan, hainbat antzezlan idatzi eta oholtzan hezurmamitzeaz gainera, Koltés-ek beste zenbait ekintza aipagarri ere egin zituen, hala nola, bere burua hiltzeko ahalegina, 1975an, eta drogazaletasuna gainditzeko bideari lotzea, 1976an. 1977an idatziriko eta aurkezturiko "Gauean, basoen ondo-ondoan" antzerkiari, sekulako harrera egin zioten Avignon- eko Off jaialdian. Lan horren eskutik, Koltés-ek lehenbizikoz arrakastaren gozoa dastatzeko beta izan zuen.

----1982an, Patrice Chéreau aktore-zuzendariak "Beltza eta zakurrak burrukan" antzerkia New Yorken aurkeztu zuen, eta hilabete bi geroago Parisen, horrela idazlea ospetsu eginik mundu osoan. Aurrerantzean, Koltések Chérau lankiderik hurkoenetakotzat izango zuen. Garai hartan, argi adierazi zuen homosexuala zela, nahiz eta bere esanetan, joera horrek zerikusi nabarmenik ez izan idazlanetan.

----1983ko udazkenean, New Yorken eginiko egonaldiaren ostean, gaixotasunaren zantzuak aditzen hasi zen. Badarik ere, bidaietzeari jarraitu eta lan gehiago zertu zituen, "Mendebaleko kaia" eta "Kotoi-alorren bakardadean", besteak beste. 1988an, Patrice Chéraurekin lankidetzan, "Basamortura itzulera" aurkeztu zuen, horretan Michel Piccoli partaide harturik.

----Baina, inolako ezbai barik, "Roberto Zucco" dugu, 1988an Koltés antzerkigile handien aldarera eraman zuen lana. Azken bidaldia Hegoamerikara egin zuen -Europa ez bezala, Hegoamerika eta Afrika bihotzez miresten zituen-, eta handik Frantziara itzultzerakoan, zeharo makaldurik zegoen. Halan da ze, idazten ari zen antzerkia, Coco Chanel-en bizitzan oinarritua, amaitu gabe utzi zuen.

----"Basamortura itzulera" horren osteko urtean hil zen, 1989ko apirilaren 15an. Koltés-ek oinordetzan utzi digun ondaeran, ageri-agerian daude egilearen ezaugarriak: hizkuntzari eman zion erabilera paregabea, eta izantza taka hauteman eta poesiaz jansteko dohaina. Antzerkigintzan eraikitzaile lanetan jardun zuen, bere unibertso berezia egituratu nahian, baina heriotzak bukaera galarazi zion, goizegi galarazi ere.

gora

FITXA TEKNIKOA


Obraren izenburua:
KONBAT
Obraren jatorrizko izenburua:
Beltza eta zakurrak burrukan
Euskerarako itzulpena:
Joserra Urrutxua
Autorea: Bernard Marie Koltés

Aktoreen zerrenda:

Patxi Ugalde (Horn)
Manex Fuchs (Cal)
Esther Uria (Liona)
Jon Gaubeka (Albury)
Patxi Ugalde (Horn) Manex Fuchs (Cal) Esther Uria (Liona) Jon Gaubeka (Albury)

Zuzendaria:

Carlos Panera
Eszenografiaren burutzapena: Gorka Mínguez
Eszenografia: Carlos Panera / Eneko Lorente
Fotografia: Mikel Alonso / Mikel Martínez
Kartelaren diseinua: Gorka Mínguez
Ikusentzunezko diseinua: Eneko Lorente
Argiak: Javi Ulla
Jantziak: Cristina Sáenz De Jubera
Atrezzo: Carlos Barea
Ekoizle ejekutiboa: Toño Pinto
Ekoizle laguntzailea: Leire Antolín
Ekoizpena: Maskarada S.L
Carlos Panera

gora

gure historia
gure azken lanak